XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure buruaren defentsarako.

AZAROAREN 23an, Gotzon Garateren parabola eta Endrike Knô*ren kezkak (eta arduragabekeriak) egunkari honen orrialde berean irakurtzeko aukera izan dut.

Lehenengoarena goxotasunez eta bigarrenarena arrenkuraz.

Gotzonekin bat egonik, ez nioke ezer gehitu nahi nire gogoa ildo berberetik jarrai dezala adieraztea baizik.

Knô*r lagunari aldiz, esan nahi nioke bere kezkak nireak direla ere eta, segurunik, askorenak; bainan ez ordea bere arduragabekeriak.

Hots, bi Estatu eta Komunitate autonomoen artean dagoen Euskalerriaren zatiketa eta horrekin batera dauden Armadak, Segurtasun indarrak, Administrazioak, Legeriak, etab. guztiz kontuan hartzeko elementuak dira, azken finean bere (eta gure) kezken jatorri direlako...

Hezkuntzarako eta ikerkuntzarako giro guztiz egokia ez izatea, indarkeria dela kausa Knô*ren aipamena ere nirea egiten dut, arlo horretan irakasle kaleratuok indarkeria bortitzena pairatzen dugulako: Euskal Herriko Unibertsitatea defendatzeagatik eta unibertsitate espainiarra ez onartzeagatik, hain zuzen ere.

Alta, badakit pertsona ospetsu batzuentzako gu kalean egotearen esplikabide bakarra gure borondatean datzala, ahaztuz alegia, irakaslego propioaren gatazka orain dela 15 urte sortu zela, UPVko lehenengo Estatutuen zirriborroarekin batera; hau da, UPV bera eratzen hasi zenetik bezain pronto.

(Hemen ere, Euskal Herriak dituen egiturazko arazoen antzinakotasuna ondo frogatuta geratzen da).

Gure unibertsitatean daramagun borroka ez da kasualitatez gertatzen, alor honetan besteetan bezalaxe beti azaldu baita erantzunen bat erasotzailearentzako jasan gaitza izan dena, Euskal Herriaren burujabetasuna zalantzan egon den bakoitzean.

Bainan gure historian zehar gertatu den moduan, erantzuleak beti errudun eta galtzaile atera dira: donuit vascones (euskaldunak menperaturik) famatu hura ez dugu euskaldunok asmatu, eta horrek argi eta garbi adierazten du gure arbasoek borroka oso latzak egin behar izan zituztela euren buruen defendatzeko.

Finean, haiei esker diraugu.

Koldo Mitxelenak, orain dela hogeita hamar bat urte, behin batean esan zidan euskaldunok, historian zehar, ondo baino hobeto frogatu izan dugula erasoei aurre egiteko dugun gaitasuna.

Gure ahulezia nagusia, berriz, ohore eta laudorioetan zetzala zioen.

Nik uste (maitasunez esanda), Mitxelenaren bizitzak berak primeran egiaztatzen du emandako irakaspen hori.

Irakaspen horren argipean gaur egun konprenigaitz zaigun makina bat kasu ulertuko genuke; besteak beste, Joxe Agustin Arrietak aipatzen diguna (E.EGUNKARIA 94/11/20).

Hau da, zergatik Atxagaren testu bat atsegin zaion nahiz eta bere edukinarekin ados ez egon, botereak pairarazten digun amnesia selektibozko prozesu latza, laguntzen duelako.

Iraganean gertatu bezala, orain ere euskaldunen subiranotasunaren aurka zuzenki ala zeharka dauden botereek, tresna ideologiko-sentimental-estetiko guztiak (Joxe Agustinek esaten duenez) uzten dizkiote gutarteko plaza-gizon-emakume, politikari, enpresari, idazle, irakasle edo edozein moetatako gizabanako ospetsuri, euskaldunok gure arerioaren mezua goxoki irentsi dezagun; behin eta berriz, Espainian eta Frantzian eroso senti gaitezen.

Etorkizunari begira, Ipar eta Hegoaldeko euskaldun oro, (abertzaleak izan edo nazionalista espainol-frantsesatzat eduki norberaren burua) hiru lapiko ezberdinetan banatuta egonen gara gure baitan biziarazten digun vasco-español eta basque-français eskizofreniak hor diraueno.

Joxe Agustinek aldarrikatzen duen gure burua defendatzeko eskubide eta beharra gizaldiz-gizaldi transmitituriko birusa omen da Pello Sarriegirentzako (E. EGUNKARIA 94/12/1).

Eta beraren ustetan, gartzeletan dauden borrokalariak, Joxe Agustin (eta biok) bezala, irrealitatean bizi dira (gara). Nork jakin.

Gaur, abenduak 13, gure aita Arteagan jaio zenaren 100. urtemuga ospatzen dugu etxekook.

Luken, EAE-ANV Bilboko udaletxeko zinegotzia izan zen II. Errepublikaren garaian.

Berak ezker abertzale historikoaren lekukotasuna bere bizitzan zehar eraman zuen eta gaur egun Hiriburuko hilobian espainol-frantses eskizofrenia horri behin-betiko ukapena aldarrikatzen dio ere.

XIX. mendetik gaurdaino, gizaldiz-gizaldi transmitituriko Euskal Herriaren defentsarako birusa, gure seme-alaben baitan txertatuta dago jadanik, Usune Eli Gallastegiren bilobak atxilotu izateak ezerk baino hobeto adierazten digunez.

XXI. mendean biziko diren ondorengoen seme-alabak ere kutsaturik egonen direlakoan nago.

KOLDO GOROSTIAGA

EHU-KO IRAKASLE KALERATUA